Goi-goiko, ahalguztidun, Jaun ona,
zureak gorespenak, aintza, ohorea eta bedeinkapen dena.
Zuri, Goi-goiko horri, dagozkizu bakarrik,
eta ez da gizakirik zu aipatzeko duin denik.
Goretsia zu, ene Jauna, zeure sorkari guztiekin,
batez ere anaia eguzki jaunarekin:
bera da egun-argia eta berarekin diguzu egiten argi.
Eder eta distiratsu da dirdira bizitan:
zure, Goi-goiko horren, irudi da.
Goretsia zu, ene Jauna, arreba ilargi eta izarrengatik:
argi, bitxi eta eder dituzu zeruan jarri.
Goretsia zu, ene Jauna, anaia haizearengatik,
eta aire, laino, oskarbi eta edozein eguraldigatik:
beronen bidez ematen diezu mantenua zeure sorkariei.
Goretsia zu, ene Jauna, arreba urarengatik:
txit ongarri da, apal, bitxi eta garbi.
Goretsia zu, ene Jauna, anaia suarengatik:
beronen bidez argitzen duzu gaua
eta ederra da, alaia, sendoa eta indartsua.
Goretsia zu, ene Jauna, gure arreba ama-lurragatik:
berak gaitu mantentzen eta gobernatzen,
eta hainbat fruitu, lore koloretsu eta belar sortarazten.
Goretsia zu, ene Jauna, zure amodioz dutenengatik barkatzen
eta gaixotasuna eta larrialdia eramaten:
zorionekoak bakean sufritzen dituztenak,
zuk, Goi-goiko horrek, koroatuko dituzu eta.
Goretsia zu, Jauna, gorputzeko gure arreba heriotzagatik:
ez da gizaki bizidunik ihes egin diezaiokeenik.
Zoritxarrekoak bekatu larrian hilko direnak!
Zorionekoak zure borondate santuan aurkituko dituenak,
ez baitie kalterik egingo heriotza bigarrenak!
Gorets eta bedeinka ezazue nire Jauna,
eman eskerrak eta apaltasun handiz zerbitza.
San Frantzisko Asiskoaren |